Asueroterapia: bota makulua eta bastoia

Fernando Asuero donostiar medikua famatua egin zen asueroterapiarekin. Asueroterapia teknika kirurgiko erraza zen: trigeminoa (sudur barruko kirioa) kauterizatu edo erauziz sendatzen omen zuen hainbat eritasun larri. Paralisia, epilepsia, itsutasuna, gorreria, asma, barize-ultzerak…
FERNANDO ASUERO: SENDAGILE ONENA
Asuero hori 1887ko maiatzaren 29an jaio zen Donostiako Miramar kaleko 3. zenbakian, («Nola jayotetxiak número tres duben / irugarren bizitza Café Miramar-en…», esango zuen gero Juan Joxe Sarasolak) medikuak eta zirujauak zituela familian. Berak ere medikuntza ikasi zuen Madrilen, eta otorrinolaringologian espezializatu. Hala ere, 1907 eta 1910 bitartean, Athletic Club-eko atezain jokatu omen zuen, eta Bilboko futbol taldearekin titularra izan zen 1907ko Errege Kopako finalean.
Kirola utzi ondoren, medikuntza ikasketak jarraitu zituen Parisen (Lubet Barbon doktorearen klinikan eta Pitié ospitalean) eta Cambridgeko Unibertsitatean ere ibili zen. Fernando Asuero, ondo titulatu eta Donostiara itzuli ondoren, kontsulta propioa jarri zuen. Zinegotzia ere izan zen Donostiako udaletxean 1923 eta 1925 bitartean, bere konpromiso sozialagatik esaten da (horixe esaten zuen behintzat Asuerok berak), baina susmagarria da Miguel Primo de Riverarekin (“Errekaldeko lehengusua” deitzen zion honi Ermuko Gillermo Bengoetxea “Txindurri” bertsolariak) Estatu kolpearekin bat etortzea datan. Politikaz hitz egitea gustatzen ez zitzaion arren, Asuerok ezinbestela aitortzen zuen: «Cómo desconocer los beneficios que a la clase médica en general ha prestado la Dictadura de Primo de Rivera».
Fernando Asuerok ia edozer sendatzeko teknika miragarri bat aurkeztu zuen 1929an. Asueroterapia, kirio trigeminoa erre edo erauzteko teknika zen; trigeminoa bosgarren nerbio kraniala da (burezurreko bosgarren kirio parea). Berehala hedatu zen Asueroren ospea. Minik gabe egiten omen zuen, gainera, bere egitekoa, eta edonolako gaitzak osatzen omen zituen. Kontsultara iristen zen gaixoa bere eskumakila edo bere makuluekin, eta berehala ateratzen omen zen oinez edo jauzika…
ORAIN NEUK HITZ EGINGO DUT
Kontsultategia txiki geratu, eta Hotel Príncipe-n («Kurtsaleko onduan daguan hotela, orain denbora gutxi ereki dutela», Juan Joxe Sarasola) hasi zen jendea errezibitzen, Ramon Maria Lili pasealekuan. Hotel hori beterik egoten zen, eta ingurukoak ere bai, jende mundu bat biltzen zela inguruetan, Asueroren arreta jasotzeko (batek ezin jaramonik egin hainbesteri). Urrunetik etorritakoak ere zain geratzen ziren hantxe, eta iskanbilak izaten ziren, eta histeria gertaerak ere ez ziren falta.
Mediku batzuek (Santiago Ramon y Cajal eta halakoek) asueroterapia metodo “ez-zientifikotzat” jo zuten (baina zientziak ez zion seguru antzeko ezer hitzematen pazienteen sendatzeko gogoari). Eta jendetza gero eta gehiago pilatzen zen Kursaal alde hartan. Jende pobre zorigogorreko asko, baina itxura dotoreko pertsonak ere bai, familiak zekartzana gaitzen batengatik desesperaturik.
Fernando Asuerok bere metodoa liburu forman ere argitaratu zuen: “Ahora hablo yo…”. Aldizkari bat ere bultzatuko zuen: “Renovante”, delegatuak zituena leku askotan: Katalunian, Galizian, Gaztela zaharrean, Marokon (Espainia zen orduan, Maroko zati bat behintzat), Logroñon, Asturiasen, Extremaduran, Andaluzian eta Valentzian. Kolaboratzaileak zituen Alemanian, Frantzian, Uruguain, Txilen, Santo Domingon, Italian, Argentinan, Kolonbian, Nikaraguan eta Kuban…


NEMESIO SOBREVILA: ZINE MUTUA
1929ko maiatzean, Nemesio Manuel Sobrevila bilbotar zinegileak (Gerra Zibileko egunetan, Parisen, “Guernika” egingo zuena) pelikula dokumental mutu bat egin zuen: “Las maravillosas curas del Doctor Asuero”. Pelikula egin eta debekatu egin zen. Debekuaren arrazoia, Asuero doktorearen kontsultara jende gehiegi bilduko zela. Dokumentalak Asuerok egiten zituen sendaketa harrigarriak erakusten zituen, eta aitzakia zen haien entzutea are gehiago zabalduko zuela, jende gizagaixoz jadanik gainezka zegoenean Donostia. Dena dela, dokumentalaren debekuaren nondik norakoak ez daude argi, zeren eta debekatzeko eskaera Asuerok berak egin omen baitzuen.
Debeku horrek, dena dela, asueroterapiaren inguruko misterioa eta jakin-mina zabaldu eta biziagotu baino ez zuen egin. Henri Bergson filosofoa bera ere, bere txanda eskaturik, iloba baten eskutik heldu omen zuen Asuero doktorearen kontsultara.
JUAN JOXE SARASOLA & BERTSO BERRIAK
Juan Joxe Sarasola “Lexo” bertsolariak bertso sail bi paratu zizkion Fernando Asuerori. Hauek dira lehenengo saileko lehenengo bi bertsoak:
1/ Ogeigarren sigluan
ogei ta beretziyan
gure ziudadia
dago gorantziyan;
sendagille onena
zein da probintziyan?
Don Fernando Asuero
nere iritziyan.
2/ Don Fernando Asuerok
daukazkiyan famak,
zabaldutzera nua
al ditzakianak;
geiago ere badira
Donostiyan onak,
ori eztu ukatzen
portatu diyonak.
Edozer sendatzen zuen Fernando Asuerok. Pazienteek kontatzen zuten doktoreak, erroseta forman bukatzen ziren estilete batzuk erabiliz, sudurreko nerbio bat kitzikatzen zuela. Trigeminoa. Eta kito, hortik aurrera, makuluak bertan behera utzi, eta paseatzen hasten omen zen jendea.
6/ Paralisisek eta
reumak baldatuak,
asko ikusten dira
orrek moldatuak;
elbarriyak ziranak
gaitzak ondatuak,
esperantza galdu ta
gero sendatuak.
Lezon jaioa, Donostiako kale garbitzailea zen Juan Joxe Sarasola. Antigua auzoan bizi zen. Ez omen zen kantari ona, eta “Besamotza” esaten zioten bati ematen omen zizkion bere bertso paperak saltzeko.
15/ Bañu ta indiziyo
daki korriente,
oraiñ Amerikara
eraman nai dute;
beti Euskal-errira
dauka borondate,
Donostiyan aziya
dala mediante.
Asueroren terapia ez zen Donostian kabitzen, ez Euskal Herrian, ez Espainian. Fernandok Frantziara, Italiara, Portugalera, Argentinara, Mexikora, Kubara joan behar izan zuen.




MIGUEL MATAMOROS ETA PARALITIKOA
1925ean, Kuban, Santiagon, hiru musikari batu ziren: Miguel Matamoros gitarrarekin, Rafael Cueto gitarrarekin eta Siro Rodriguez maraka eta klabeekin, Trío Oriental izenpean lehenengo. Gero, izen bereko beste talde bat zegoela enteratu zirenean, beste izen bat aukeratu zuten: Trío Matamoros. Aurten beteko ditu talde horrek 100 urte, haien abestiak herri kanta bihurtu dira denbora horretan.
Hirurek abesten zuten eta hirurak ziren abestiak konposatzeko gauza. Baina “Paralitikoa” Miguel Matamorosena da, berak Alberto Muguerciari kontatu zionez. Honela esan zion:
«Paralitikoa Habanan konposatu nuen 1930ean. Garai hartan Kuban ez zen beste ezertaz hitz egiten, Fernando Asuero izeneko mediku espainol bati buruz baino. Paralisia sendatzen omen zuen. Erabiltzen zuen teknika zen, hemen sudurrean dugun nerbio bat injektatzen zuen, trigeminoa deitzen den nerbio hori kentzen zuen, eta kito, paralitikoak sendatzen omen ziren horrela. Baina, bueno, nik Baporearen Plazako saltzaile bat ezagutzen nuen, Raul Nuñez izenekoa, hori elbarrituta zegoen eta Asuero doktoreak artatu zuen, eta ez zen sendatu. Orduan pentsatu nuen sendabidearen zer hori igual iruzurra zela, eta horregatik konposatu nuen son hau».
Veinte años en mi término
me encontraba paralítico
y me dijo un hombre místico
que me extirpara el trigémino.
Suelta la muleta y el bastón
y podrás bailar el son….
Son alai ederrak ez dira falta Kubako kantutegian, baina alai eta ederrenetakoa da makuluak eta eskumakilak bazterrera jaurtitzera eta dantzara gonbidatzen duen hau. Terapia hoberik...

«Mi vida es mía y de quien yo quiera, no de todo el mundo»

TCA en hombres, un trastorno a controlar

«Los cárteles no son terroristas; son empresas capitalistas que usan la violencia para legitimarse»

Amillubiren bizitza guztiak: Golde zaharrek ereindakoen irauna
